Gure Historia

Jatorri-deitura babestua zigiluarekin, oliba-olio birjina estra (OOBE) baino ez da merkaturatzen; akatsik gabea da, eta 0,3ºko gehieneko azidotasuna eta dastatzean 4,5eko edo gehiagoko fruta-ukitua dauzka.

Botilek beti daramatzate jatorri-deituraren logotipoa, kontraetiketa zenbakiduna eta Europako logotipoa, Europar Erkidegoko erregistroan sartuta baitago.

Olibondoa labore mediterraneoa da, eta Nafarroako historiaren eta paisaiaren parte da duela bi mila urtetik. Hasieran, feniziarrek, greziarrek eta erromatarrek eta, ondoren, arabiarrek olibondoak lantzeko eta olioa lortzeko teknikak hedatu eta hobetu zituzten. Arkeologiari esker, oliba-errotak aurkitu dira Nafarroako erromatar villa batzuetan, hala nola Ledean, Cascanten, Barillasen, Ablitasen eta Arellanoko “Las Musas” izenekoan.

Gure olibadien hedadurak eta garrantziak gorabeherak izan dituzte mendeetan zehar. Erromatar Inperioaren gainbeheraren aldian gurera ere dekadentzia-garaia heldu zen, baina Erdi Aroan indartu zen olioaren lanketa, sail ureztatuak erabiltzen hasi baitziren. Gero, ahaztua izan zen berriro. XX. mendeko lehen herenean, aldiz, Nafarroako olibadiek beste aldi goren bat bizi izan zuten, olio batzuek sariak eta aitorpenak jasotzeraino, hala nola Cascanteko olio batek 1929ko Sevillako Erakusketa Unibertsalean.

 

Olibadiak gure paisaiako parte izan dira beti: labore errustikoa da, sail idorretara egokitzen da eta ekoizpena tokiko kontsumorako bideratua zegoen, artisauek arretaz eta mimoz ekoiztua. Olioa gure kulturan eta gure familien dietan egon da beti.

  Dieta Mediterraneoaren nazioarteko aitorpenak eta ospeak, osasun-iturria baita, OOBEaren eskaria handitu dute, gurean eta gure mugetatik kanpo. Horri esker, oliba-sektorea hazi eta ikaragarri hedatzen ari da. Besorako plantazio-kopurua handitu da, oliba-errotak modernizatu dira eta, beraz, inbertsioak egiteko sektore erakargarri bihurtu da olibazaintza. Kontsumoak gora egiten jarraitzen du eta gorenera iristeko asko geratzen zaio oraindik.

Eremu babestua

Nafarroako Olioa JDBko Oliba-olio Birjina Estra Europan iparren ekoizten den olioa da. JDBren eremu geografikoan Nafarroako hegoaldeko 135 herri daude eta mendi hauek ditu muga iparraldean: Kodes, Lokiz, Urbasa, Andia, Erreniega, Alaitz, Izko eta Leire.

Eremuak ezaugarri hauek ditu: eragin mediterraneo argia, tenperatura-alde handiak, plubiometria urria, intsolazio altua, ipar-mendebaldeko haizea (ziertzoa) eta izotzaldirik gabeko aldi laburra. Kareharrizko lurrak dira, karbonatatuak, arre-kolorekoak.

Ezaugarriak

Nafarroako Olioa JDBko Oliba-olio Birjina Estra zuhaitzetik zuzenean hartutako olibekin egiten da, hau da, ez lurretik hartutakoekin, eta barietate hauek ditu: Arroitz, Enpeltre eta Arbekina.

Arroitz barietatea bertako barietatea da eta, Nafarroako Olioa JDB kontraetiketa eraman ahal izateko, barietate horren % 10 baino gehiago izan behar du coupagean (olio- edo oliba-nahasketatik har daiteke).

Ikuspuntu organoleptikotik, olioak profil berezi eta berezkoa du, eta parametro hauek ditu:

– Ahoan, berezko mingostasuna eta pikantea ditu, oso orekatua, intentsitate arinetik erdi-mailara artekoa, baina gozoa izan gabe.

– Fruta-ukituari dagokionez, intentsitate ertainetik bizira artekoa da, gutxienez 4,5eko balioekin, eta ukitu berdeak ditu.

– Azido oleikoaren ehunekoa altua da (% 72 baino gehiago).

Ziurtagiria

Instituto Navarro de Tecnología e Infraestructuras Agroalimentarias, S. A. (INTIA Certification) entitatearen esku dago baldintza-agiria betetzen dela egiaztatzea. Entitateak ENACen ziurtagiria du, UNE-EN ISO/IEC 17065.2012 Arauarekin bat.