Olioa egiteko
prozesua

Olioa egitean oso garrantzitsua da olibei ahalik eta kalterik txikiena egitea, konposizioa eta ezaugarri organoleptikoak mantendu ditzaten, eta kalitate goreneko zukua lortu ahal izateko: OLIBA-OLIO BIRJINA ESTRA.

1. Bilketa

Kalitatezko olioa lortzeko, funtsezkoa da olibak zuhaitzetik zuzenean biltzea, sanoak, eta heltze-momentu onenean. Honela bildu daitezke zuhaitzetik: metodo tradizionalen bidez (eskuaz, zuhaitzak makilaz joz edo bibrazioz) eta uzta-makina bidez.

Urria eta otsail erdialdea bitartean biltzen da, baina gehien-gehiena tarte horretako lehen bi hilabeteetan hartzen da.

2. Garraioa

Oliba errotara garraiatzerakoan ez kaltetzeko, ezinbestekoa da ahalik eta azkarrena eta baldintza onetan garraiatzea. Olibak soltean garraiatu behar dira, edukiera mugatuko kutxa edo edukiontzi zurrunetan, edo atoietan. Zakutan garraiatzea debekatuta dago.

Biltzen diren egun berean errotan entregatu eta eho behar dira olibak, edo 48 orduen buruan, gehienez ere, zahar edo oxida ez daitezen.

3. Hautaketa

Oliba sanoak eta egoera onean daudenak baino ez dira erabiltzen Oliba-olio Birjina Estra egiteko.

4. Ehoketa

Olibak, hezurra kendu gabe, xehatu eta apurtzeko prozesua da; pasta bat sortzen da, eta pasta horretatik olioa gero.

5.Irabiaketa

Errotan lortutako pasta edo orea irabiatu egiten da, olioa ateratzea errazagoa izan dadin. Irabiatzeko denbora eta tenperatura kontrolatzen dira, osagai aromatikoak ez galtzeko eta oxidazio-prozesuak ez azkartzeko.

6. Zentrifugazioa

Prozesuak bi zati ditu; lehenengo fasean, oliba-pasta oliotik eta landare-uretik bereizten da, eta, bigarrenean, olioa uretik. Lehenengoa solido eta likidoen bereizketari esker egiten da, eta, bigarrena dentsitate ezberdinetan oinarritutako prozesu baten bidez.

7. Biltegiratzea

OOBEa lortu dugunean, baldintzarik onenetan kontserbatzea ezinbestekoa da. Altzairu herdoilgaitzezko biltegietan gordetzen da, tenperatura 15-18 ºC inguruan mantenduz, eta, hala, heldu egiten da baina oxidatu gabe.

8. Ontziratzea eta merkaturatzea

OOBEa merkaturatzeko, gehienez 5 litroko edukierako ontzietan ontziratzen da olioa, ontziak olioaren kalitatea eta ospea kaltetzen ez dituzten materialekin egiten dira. Polietilenozko ontziak debekatuta daude.