Osasun-iturria

Oliba-olio birjina estra (OOBE) gastronomiaren altxorretako bat da, zaporeagatik ez ezik, gure osasunerako dituen ezaugarri onuragarriengatik ere. Horregatik, dieta mediterraneoaren oinarria da, eta gure eguneroko dietaren oinarria ere izan beharko litzateke. Egunero 2 eta 6 koilarakada artean hartzea gomendatzen da.

Zergatik ezin da falta
OOBEa gure dietan?

1. Bihotzari laguntzen dio

Oliba-olio birjina estrak koipe monoasegabe eta azido oleiko ugari du, eta azken hori, ikerketen arabera, bihotzeko gaixotasun koronarioa izateko arriskua murriztearekin erlazionatuta egon daiteke. Maiz kontsumituz gero, arteriak gogortzeko eta bihotzeko beste gaixotasun batzuk izateko arriskua murrizten du, polifenol asko dituelako.

2. Kolesterola erregulatzen du

Oliba-olioa koipe monoasegabez osatuta dago eta koipe osasungarri asko ditu; hala, gorputzeko kolesterolean oreka osasuntsuari eusten dio. Hau da, oliba-olioak gorputzean dugun kolesterol onaren eta txarraren kantitatea kontrola dezake. Antioxidatzaileek erregulazioa hobetzen dute, eta kolesterol txarraren kantitatea murriztu. Halaber, oliba-olio birjina estrak kolesterol onaren kantitatea ere handituko du.

3. Minbizia prebenitzen du

OOBEak antioxidatzaile fenolikoak, terpenoideak eta eskualenoa ditu; konposatu horiek minbizia prebenitzen eta tratatzen laguntzen dute, olioaren azido oleikoak zelulen mintzaren konposizioa aldatzen baitu eta gaixotasun horrekin erlazionatutako geneak erregulatzen laguntzen baitu.

4. Diabetesaren aurka egiten du

Zenbait ikerketak II motako diabetesa duten gaixoengan glukosaren eta koipeen metabolismoan eragin onuragarriak dituela erakutsi dute. Hori gertatzen da olioak koipe monoasegabeak dituelako, odoleko azukrearen kontrola eta intsulinarekiko sentsibilizazioa hobetzen baitute.

5. Alzheimerra prebenitzen du

OOBEak zahartzeak dakarren narriadura kognitiboa babesten du, olioaren osagai batek, olecanthalak, alzheimerra edo endekapen-dementziak izateko arriskua murrizteko gaitasuna baitu.

6. Antiinflamatorioa da

OOBEak osagai kimiko natural bat du, eta horrek ezaugarri antiinflamatorioak ditu, medikamentu batzuen antzera (ibuprofenoa, adibidez). Azido oleikoak eta dituen agente antioxidatzaile anitzek kantitate handitan har daitekeen antiinflamatorio gisa jarduten dute.

7. Hipertentsioa murrizten du

Hodi-zabaltzaileak sorrarazten ditu eta odolaren fluxua eta zirkulazioa hobetu; beraz, hipertentsioa izateko arriskua murrizten du. Ikertzaileen arabera, funtsezkoa da tentsio arterial diastolikoa eta sistolikoa murrizteko. Polifenolei eta azido oleikoari esker, oliba-olioak tentsio arteriala jaisten du eta, hala, hipertentsioa izateko arriskua murrizten du.

8. Kaltzioa xurgatzea errazten du

OOBEak hezurrak mineralizatzen eta kaltzifikatzen laguntzen du, D bitamina baitu. Horri esker, organismoak errazago xurgatzen du kaltzioa, eta, ondorioz, hezurrak indartzen dira eta gaixotasunak prebenitzen laguntzen du, osteoporosia kasu. Ikerketa batzuen arabera, OOBE aberatseko dieta bat izatea osteokaltzina-kontzentrazio osoa eta hezurren osaerari lotutako beste markatzaile batzuk handitzearekin erlazionatuta dago.

9. Depresioa saihesten du

Ikerketa batzuek erakutsi zuten OOBEa eta arrain-olioetako eta landare koipetsuetako koipe polioasegabeak gehiago kontsumitzeak depresioa izateko arriskua murrizten duela. Aldiz, elikagai prozesatuetan dauden koipe hidrogenatuak kontsumitzeak depresioa izateko arriskua handi dezake. Depresioari aurre egiten laguntzeaz gain, oliba-olio birjina estra funtzio kognitiborako mesedegarria da eta dementzia izateko arriskua murrizten du.

 

10. Arazo gastrointestinalak saihesten ditu

Oliba-olio birjina estrak mintz bat sortzen du urdailaren eta duodenoaren inguruan, eta, ondorioz, ultzerak eratzea prebenitzen du. Mediku askok OOBEa hartzea gomendatzen dute, E eta A bitamina lipodisolbagarriak dituelako eta gure organismoaren barruan horiek garraiatzen dituelako.

11. Pisua kontrolatzen lagun dezake

OOBEak koipe kantitate handia duen arren, garrantzitsua da jakitea koipe horiek osasungarriak direla. Oliba-olio birjina estran aberatsa den dietak sindrome metabolikoan epe luzera duen eraginaren inguruko azkeneko ikerketek egiaztatu dute horri esker obesitate abdominala eta odoleko glukosa-mailak murrizten direla; biak sindrome metabolikoaren adierazleak dira (Espainiako helduen % 25ek pairatzen du sindrome hori).

12. Kosmetikorik onena

OOBEak ezaugarri nutritibo, antioxidatzaile eta K eta E bitamina ugari ditu; haiek azala hidratatuta mantentzen eta zaintzen lagundu eta garaia baino lehenago zahartzea prebenitzen dute. Horregatik, eta gure azalaren elastikotasun naturala zaintzeko duen gaitasunagatik,oinarrizko osagaia da industria kosmetiko eta farmazeutikoan. Halaber, oliba-olioak azaleko ehun kaltetuak lehengoratzeko gaitasun handia du, eta marka edo orbainetarako erabiltzen da, dermisari bitaminak ematen baitizkio azkarrago senda daitezen.